Udaberriaren hasieran, “Il Silente linguaggio della Natura” erakusketa nazioarteko artistekin aurkeztu zen Napoliko Musa Reggia di Portici Museoan, Cynthia Pennak komisariatuta. Bertan, Pilar Soberónek bere egoitza artistikoan sortutako “Shiva” proiektua aurkezten du, ART 1307k antolatuta eta Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin. Bost hilabetez egindako erakusketa ingurumenari eta haren babesari eskainia dago bereziki, eta Reggia di Portici Jauregiko lorategiarekin interakzioan egindako lanak erakutsi ziren. Prozesu naturalek erabateko garrantzia hartzen dute, materiaren eraldaketa eta itxuraz ezkutua eta isila den natura baten hizkuntza ikusaraziz; instalazioetako material berberek gizakiaren/naturaren arteko fusio bikaina osatzen dute.

“Shiva” (2022) izeneko instalazio iragankorra site-specific pieza bat da, Vesubio sumendiaren eta itsasoaren artean dagoen lurraldean sortua: elementu naturalen tapiz bat, Kretazikoko nodulu septario arrasto batean inspiratua. Artelana piperno laba eta legar zuriarekin –tokiko mineralak– gauzatu zen, bertan “elementu naturalen zuriak eta beltzak unibertsoko existentziaren dualtasuna gogorarazten dute”, artistaren arabera.

Nodulu sektario Kretaziko baten arrasto honek elkarrizketa bat sortzen du hura desordenatu eta eraldatzen duten indar naturalekin. Labaz osatutako aztarna honek jatorriei, suari, urari eta denborari buruz hausnartzen du. Denboraren iragaiteak eta elementuen eraldaketak gizakiaren eta naturaren arteko interpenetrazio eta bizikidetza emankorrari bide ematen diote, eta erakusketaren elementu nagusi bihurtzen dira. Elementu horien helburua, hain zuzen ere, gizabanakoaren eta ingurunearen arteko zirkulartasuna azpimarratzea izan zen.

“Shiva” instalazioak aspalditik bidaltzen digun Natura “isilaren” alarma-oihua helarazten digu: ingurumena babesteko premiaz jabetzea proposatzen du eta  berehala jardun behar dugu horretaz, hau da, gizadiaren eta naturaren arteko oreka berrezartzea da gure bizitza eta etorkizuneko belaunaldiena zaintzeko bide egoki bakarra.

MUSA Reggia di Portici Museoa. Napoli

komisariotza: Cynthia Penna

2022-05-26 – 2022-09-02

artistak: Pilar Soberón eta Giulia Manfredi

listado de la obra

>