
2021-11-27 – 2022-03-13
Erakusketa honetan, San Telmo Museoko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bildumetako emakumezko artista egindako lanak bildu dira. Horietako asko ezezagunak egiteko arrazoien inguruko hausnarketa sustatzea da helburua. Erakusketan, Pilar Soberónek “Gran Inversión” 2018 obra aurkeztu du, San Telmo Museoaren ondarea, eta harekin interakzioan aritu da, “Itzal” performance pieza sortuz (2021).
Baginen. (Izan ginen) Margolariak, ehuleak, zeramikagileak, eskultoreak, ilustratzaileak, jostunak… Emakume sortzaileak beti egon dira. Hala ere, Artearen Historiak oso gutxi aintzatetsi ditu. XVIII. mendetik, diziplina sortu zenetik, emakumeei beraiei, beren biologiari, egotzi zaizkie gabezia horren arrazoiak, erditu zirenean sormen-gaitasuna galtzen zutela argudiatuz eta beren izaera emozionalagatik perfekzio arrazionala lortzea ezinezkoa zitzaiela esanez.
Hala ere, azken urteotan emakumeek egindako lan asko ezagutarazi dira, eta argi geratu da «emakumeen arazotzat» jotzen zena benetan «artearen historiaren arazoa» zela. Beraz, zeintzuk izan dira Artearen Historiaren logikak emakumeen bazterketa ekarri dutenak?
Museoek eta bilduma publikoek zeregin esanguratsua dute logika horien barruan, zenbait artistaren ikusgarritasuna bermatzeko eta arteari buruzko ikerketa sustatzeko ahalmena baitute, diskurtso kanonikoak berresteko edo zalantzan jartzeko gaitasuna izateaz gain. Mendeetan zehar diskurtso patriarkalaren parte izan ondoren, museo asko sistemaren barruan bete duten paperaz hausnartzen hasi dira.
Bagara. San Telmo Museoko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bildumetatik abiatuta, emakume artistek egindako lanak bildu eta erakutsi nahi ditugu, eta horietako asko erabat ezezagunak egiteko arrazoien inguruko hausnarketa sustatu.











