Irungo Menchu Gal Museoan Hodei putzua. Jardín vertical (2019) erakusketa egin zuten, Helena Elbusto zuela komisario; sorkuntza-bilakaera bat, natur elementuak biltzeko lan zehatz eta jasangarri baten emaitza, eta artelana biltzen duen espazio eta denborari lotutako egiteko artistikoa.
Erakusketak obra argitaragabeak aurkeztu zituen, hala nola Bosque Isotrópico, salix caprea (2019), espazioan jariatzen diren 80 piezatik gorako argazki mosaikoa, aurrera doan, garatuz doan irudi bat, eguzkiz eta izerdiz, geometriaz eta desordenaz elikatua –Javier San Martinek katalogoan azaltzen duen moduan–, Hodei putzua obraren aurrean, hau arreta bereganatzen duen irudi zirkularra baita, aretoko mugimenduari buru ematen diona.
Museoan, ilunantzeko amets haztegi batean bezala jaio ziren Jardín vertical eta Elysium planitia (2019), eta lantegi bizi bihurtu zuten leku hori; obra horien ondoan Oxi-ko mapa zabaldu zuten (2019), marrazkiz eta ametistaz osatu argazki lana.